Bertako sagarrondoa

Adineko jendeari entzunez eta mendian ibili luzeak egin ondotik, lortu genuen antzinako patxaka basatiak aurkitzea. Ikusi genuen hemengo haranetako sagarrondoak, sagar basati patxakaondoaren gainean txertatuak zeudela. Inguruko nekazariek, berretxi ziguten inoiz ez zaiela inolako tratamendurik eman eta ez zutela gaixotasunik izaten. Sagarrondo hauek arrunt sanoak eta osasuntxuak baitira.

Patxaka sagarrondo basati horien hazietatik hasten dugu sagarrondoak lantzeko prozesua Zubialde Patxakak mintegian

Ziur gaude hala eginda bakarrik bermatuko ditugula naturatik sorturiko sagarrondo baten ezaugarriak eta garbitasun ikuspegitik landutako sagarrondo baten egiazko nolakotasunak.
Horretarako, mendian zorroztasun haundiz hautatzen ditugu patxaka arbolak edo sagar basati horiek, hortik sortuko baitira gure mentu oinak. Hala, Euskal Herriko barietate autoktonoekin txertoak egiteko, gehienetan erle argizariz eta pinu erretxinez egindako ore naturalekin.

Gure produktu guztiak naturalak dira, inongo produktu kimikorik gabe landarearen hazkuntza bizkortzeko. Hala, prozesu naturalak berak indartzen du arbolaren metabolismoa eta horri esker lortzen du arbolak bere defentsak behar bezala garatzea. Tinko sinesten dugu prozesu naturalen bilakaeran, eta horrexegatik errespetatzen dugu arbola, naturala ez den guztia baztertuz.

Merkatuan erositako eta modu konbentzionalean ekoiztutako jateko sagar batek 20 tratamendu desberdin izan ditzake; gehienak prebentziozkoak. Zubialden,bitaminazko tratamendu naturalak baino ez ditugu erabiltzen; hala, landarea bere gisa indartzen da, eta gauza da izurriei eta gaitzei aurre egiteko. Arbola orekan bada, hobeki aurre egingo die gaitzei, eta horri esker egiazko sagar baten mantenugai guztiak emango dizkigu.

Labaiengo mintegian darabilgun metodo zorrotzari esker, patxakaondoaren oina eta sagar barietateen populazioa berreskuratzen eta zabaltzen ari gara. Gure jatorria eta naturaren esentzia errespetatu egin nahi dugu horren guztiaren atzean.